Harreman intimoak arakatzen dituzue Erik eta Winen. Zerk eraman zaituzte barrura begira jartzera?
Duela urte asko lan terapeutiko bati ekin genion, eta bide horretan gure baitako hainbat gakorekin egin genuen topo. Ordurarte kanpora begira bizi ginenak, introspekziorako tartea hartu genuen eta horrek ate asko ireki zizkigun. Harremanak oso garrantzitsuak dira norbera ezagutzeko, parean duguna ispilu bat delako eta bere isladarekin gure burua hobeto ezagutu genezakeelako. Bide horretan oso harreman intimoa eta estua garatu genuen eta hainbat urtetan eskutik helduta egin dugu bidea. Harremana bera bihurtu zen norbanako bezala hazteko bidea, harremanen atzean gako garrantzitsuak ezkutatzen direlako: botere harremanak, konpetentziak, leialtasunak, hutsuneak, indarguneak… emanaldian zehar abesti batean esaten dugun bezala: “bat egin dugu zuk eta nik, bi garela konturatzeko, zugan bilatzen dudana nire baitan topatzeko”. Sarritan gure hutsuneak besten bidez asetzen ahalegintzen gara, baina denborarekin ohartu gara norberak ase behar dituela aipaturiko hutsuneak, eta harremanak, horretarako aukera bat direla.
Gizontasunaz ere hausnartzen duzue. Noraezean al dabiltza gizonak?
Garai interesgarriak bizi ditugu generoaren ikuspegitik. Emakumeak lan bikaina egiten ari dira urteetan zehar jasan eta eraman duten motxila arintzeko, baino gizonak ez dakit ulertzen ari ote garen iraultza honek dakarrena. Guk ere motxila astuna daramagu bizkarrean, baina ez dirudi ohartzen garenik, eta are gutxiago, horren gainean hausnartzen ari garenik. Emozionalki gotortuta gaudela sentitzen dugu, eta eredu berrien premia gero eta nabarmenagoa dela iruditzen zaigu. Emanaldian zehar hori irudikatzen ahalegintzen gara, eta soluzio garbirik proposatzen ez badugu ere, pairatzen dugun nora eza irudikatzen saiatu gara, izan emakumeekiko harremanei begira edo gure artean ditugun rol eta posizioei dagokionez. Inguruari begiratuz gero, erresistentzian edo kondeszendentzian sumatzen ditugu gizon gehienak, eta gure hausnarketa eta eraldaketa propio garatzen hasteko garaia dela pentsatzen dugu. Zentzu horretan, gure hondar alea aportatu nahi genuen, eta neurri batean, lortu dugulakoan gaude.
2013an estreinatu zenuten Buhameak taldeak Ez gara Palestinaz ari ikuskizuna. Orain, berriz, Erik eta Win taularatzen ari zarete. Zerk eraman zaituzte berriz eszenatokira?
Lehen aipatu dugun bezala, gure barrurako begiradak zenbait kate askatzea suposatu digu, eta horrek askeago izatera eraman gaitu. Nolabait esateko, garapen pertsonala iruditzen zaigu pertsona moduan hazteko bideetako bat, eta gure kasuan oso garrantzitsua izan da gure zorionerako. Ez dugu ukatuko oholtza gaineko jardunak motibatzen gaituela, eta gero eta gutxiago bada ere, Egoaren premiak ere izango dira tartean, baina gure ikasgaiak partekatzeko desio indartsu bat ere badago, eta hori izan da emanaldi hau oholtzaratzeko arrazoi nagusienetako bat. Zinemara joan eta pelikula on bat ikusten duzunean, lagunei gomendatzeko sentitzen duzun irrika bera sentitzen genuen bide honetan ikasi dugun guztia partekatzeko, eta lau haizetara zabaldu behar genuela sentitzen genuen. Azken batean, Ez gara Palestinaz ari emanaldia plazaratu genuenean esaten genuen bezala, euskaldunak oso ohituta gaude gai politiko eta filosofikoen gainean aritzen, baina ez hainbeste gai intimo eta pertsonalen gainean aritzeko orduan, eta zeregin horretan bultzada bat egiteko ekarpen bezala ulertzen genuen gure proposamena.
Bertsoa, antzerkia, poesia, musika… ez zarete sailkatzen errazak. Diziplinen arteko muga lausoetan ibiltzea gustuko al duzue?
Egia esan, gure emanaldien helburu nagusia mezua zabaltzea zen, eta horretarako aukeratu dugun bidea oso intuitiboa eta kalkulatu gabea izan zen hasiera batean. Bizitzak berak eraman gaitu bide berri hauetatik. Bertsolariak izaki, bertso sortak idazten hasi ginen, baina berehala ohartu ginen musikaren beharraz. Horrela jarri ginen harremanetan Aitor Atxegarekin, gure letrak musikaz jantzi zitzan. Bertsoak sakonak eta emotiboak ziren, eta entzuleentzat astunegia izan zitezkeela pentsatu genuen, horrela sortu zen antzerki esketxak egiteko ideia, umorea baita norbere buruaz hitz egiteko modurik sanoena. Gure buruaz barre egiteko bide aproposa zen eta bertsoen sakontasuna arintzeko ere bai. Horretan ari ginela, kantua aberasteko Imanol Kamiorekin jarri ginen harremanetan, bertsoak bi ahotsetara abestu nahi genituelako, eta bera koru bateko zuzendaria izaki, laguntzera etorri zen. Piano bat ekarri zuen eta Aitorren gitarrarekin batera gure lana borobiltzen zuela ohartu ginen. Horrela sortu genuen laukotea, eta horrela sortu zen bertsoa, musika, antzerkia eta poesia nahasteko aukera. Gure bizitza pertsonaletan bezala, ibilian ikasi dugu bidea egiten.
Ostiralean Soreasu Antzokira gerturatzen denak, zer aurkituko du?
Ordubete pasatxo irauten du gure emanaldiak, eta orain arte egin ditugun saioetan harrera bikaina izan dugu. Batetik, gai sakonekin egingo du topo, normalean ustekabean pasatzen diren gai eta mezuekin. Hausnarketarako aitzakia bikain izango du eta gure esperientziak erakutsitako islada jasoko du. Bestetik, umorez jantzitako emanaldia da, eta bertsoen sakontasuna antzerkiak arintzen du. Barre egiteko aukera izango du, agian malkoren batek ere ihes egingo dio eta zer pentsa eramango du etxera. Gainera, bizitzen ari garen garai hauetan, elkarren berri jakiteak gero eta garrantzi gehiago du, eta orain arte jaso dugun feedbackaren arabera, ordubete polit bat pasata joango da etxera. Umorea da bizitzaren aurrean kokatzeko modurik onena, eta hori da eskaintzen ahalegindu garena, gure buruaren begirada umoretsu bat, barrea delako botikarik onena.