Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako azken sarrerak, salgai

Aitziber Arzallus 2021ko api. 15a, 09:42

'Amaren intxaurrak' ikuskizuneko irudi bat.

18:30eko saiorako sarrera solte batzuk gelditzen direla jakinarazi dute antolatzaileek, eta oraindik salmenta irekita dagoela. 'Kulturaz.eus' webgunean eros daitezke horiek, 10,5 euroren truke.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots herrian izango dira etzi, igandea, Amaren intxaurrak ikuskizunarekin. Bi emanaldi eskainiko dituzte Soreasu antzokian, 16:00etan bata eta 18:30ean bestea, eta bigarren emanaldirako sarrera batzuk gelditzen direla jakinarazi dute antolatzaileek. Kulturaz.eus webgunean daude salgai sarrera horiek, 10,5 euroren truke.

Uztaro haurreskolako guraso elkarteak antolatu ditu emanaldiak, haurreskolako jangela aurrera eraman ahal izateko asmoz. Hain zuzen ere, emanaldian bildutako diruarekin Uztaroko sukaldea bultzatu eta hango zerbitzua bertako produktuekin eskaintzea bermatu nahi dute.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots joan zen otsailaren 6an ziren Azpeitian emanaldia eskaintzekoak, baina COVID-19aren pandemiak herriak izan zuen bilakaera tarteko, bertan behera utzi zuten saioa. Orain, egoerak hobera egin badu ere, Uztarok gogorarazi du ezinbestekoa dela hainbat arau betetzea, hala nola 6 urtetik gorako herritar guztiek maskara erabili beharko dute emanaldian –6 urtetik beherakoei hala egitea gomendatu diete–, Soreasu barruan ezingo da jan eta ikus-entzuleen ezingo dute lekuz mugitu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide