Iazko halabeharrezko etenaren ostean, aurten itzuliko dira Gipuzkoako Herritarteko pilota txapelketak. Hainbat herrik eman dute izena eskuzko, gozmazko paletako, larruzko paletako eta zesta puntako txapelketetan, eta Azpeitiak ere izango du ordezkaritza horietako bitan. Hain zuzen ere, eskuzko pilota txapelketan eta gomazko paletakoan parte hartuko dute Ilunpeko pilotariek, Azpeitia ordezkatuz.
Datorren astean egingo du txapelketetako zozketa Gipuzkoako Pilota Federazioak, eta orduan jakingo dute herri horietako ordezkariek zein herritako pilotarien aurka neurketuko dituzten indarrak lehen kanporaketetan. Ohiko zozketa ekitaldirik ez dute egingo aurtengoan COVID-19aren pandemia dela eta, baina federazioko ordezkariak telematikoki bilduko dira parte hartuko duten herrietako ordezkariekin.
Esku pilota txapelketan hamasei herrik eman dute izena: Aduna, Alegia, Amezketa, Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Bidania-Goiatz, Hernani, Oiartzun, Oñati, Tolosa eta Zestoa. Gomazko paletakoan, berriz, hemezortzik: Aia, Amasa-Villabona, Andoain, Anoeta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Deba, Donostia, Errenteria, Hernani, Mutriku, Orio, Soraluze, Tolosa, Zarautz, Zestoa eta Zumarraga. Larruzko paletako lehian zazpi talde ariko dira: Andoain, Deba, Donostia, Errenteria, Oiartzun, Olaberria eta Ordizia. Eta zesta puntakoan, lau: Donostia, Hondarribia, Mutriku eta Zumaia.
Iaz, koronabirusaren pandemia tarteko, ez zen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarik jokatu, baina bai orain dela bi urte, eta Azpeitia esku pilotako azpitxapeldun izan zen urte hartan; Azpeitiko pilotariek ezin izan zuten Astigarraga mendean hartu finalean. Azpeitiak, orain arte, zazpitan jantzi du Gipuzkoako Herriarteko esku pilotako txapela: 2018an, 2017an, 2016an, 2015ean, 2010ean, 2008an eta 2004an. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia; izan ere, txapelketaren ibilbide osoan lau txapel jarraian eskuratu dituen herri bakarra da. Gipuzkoako Herriarteko Gomazko Paleta Txapelketaren lehen edizioa, berriz, 2018an jokatu zuten, eta Azpeitia azpitxapeldun izan zen orduko hartan.