Miarritzeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Basanderiek talde feministak

Anartz Izagirre 2021ko api. 16a, 11:13

19:00etan izango da elkarretaratzea, plazan, eta Azpeitiko Udalak ere bat egin du mobilizatzeko deiarekin. Atzo, osteguna, jazo zen hilketa matxista; gizon batek bere emaztea hil zuen Miarritzen (Lapurdi), eta bere buruaz beste egin zuen gero.

Miarritzeko (Lapurdi) hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako Basanderiek talde feministak; 19:00etan izango da kontzentrazioa, plazan, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean. Izan ere, atzo, osteguna, gizon batek bere emaztea tiroz hil zuen Miarritzen, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren. Hilketa salatzeko, mobilizazioak deitu dituzte gaurko herrialde osoan.

Urtea hasi zenetik Euskal Herrian jazotako hirugarren hilketa matxista da Miarritzekoa, beste bi hilketak Aizarnazabalen eta Sestaon (Bizkaia) izan ziren, urtarrilean eta otsailean.

Udalak ere, bat

Azpeitiko Udalak ere bat egin du Basanderiek talde feministaren deiarekin, eta "gogor" salatu du Miarritzen gertatutakoa. Era berean, biktimaren sentitartekoei zein gertukoei "elkartasuna" adierazi die erakundeak, eta hilketa matxista salatzeko mobilizazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Bestalde, udalak herritarrei gogorarazi die erasoen aurren Udaltzaingora, Ertzaintzara nahiz Larrialdi Zerbitzuetara dei dezaketela. Horrez gain,  adierazi du "indarkeriaren kontra lanean" jarraituko dutela ikastetxeetan ere, hezkidetza programen bitartez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide