Miarritzeko (Lapurdi) hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak izan dira gaur Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan, baita Azpeitian ere. Basanderiek talde feministak deituta egin dute kontzentrazioa Azpeitiko plazan, Emakumeon aurkako indarkeriarik ez! Autodefentsa feminista! zioen pankartaren atzean. Atzo osteguna, gizon batek bere emaztea tiroz hil zuen Miarritzen, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren. Gertaera hori gaitzetsi dute gaur arratsaldean plazan elkartutako lagunek.
Urtea hasi zenetik Euskal Herrian jazotako hirugarren hilketa matxista da Miarritzekoa, beste bi hilketak Aizarnazabalen eta Sestaon (Bizkaia) izan ziren, urtarrilean eta otsailean.