Azken egunetan Nahiak telesailaren atal pilotua grabatzen aritu da Xanti Rodriguez (Azpeitia, 1978) zinema zuzendaria. Hainbat film labur ekoitzi ostean, bestelako ikus-entzunezko formatu batera egin du jauzi azpeitiarrak, eta La Traka ekoiztetxearekin batera "telesail inklusiboa" izango denaren lehen zatiak grabatu zituzten joan den astean.
Itsaso izeneko pertsonaia baten istorioa kontatzen da Nahiak telesailean. Neska gazte transexual bat hezurmamitzen du Vera Alonso (Bilbo, 2001) aktoreak bertan, eta Rodriguezen arabera, "transexual baten eguneroko bizipenak" kontatzen dira ikus-entzunezkoan. Gainera, Alonsok egoera "bere larruan" bizi duela azaldu du azpeitiarrak.
Rodriguez Ospel Films Ekoizpenakeko bere ohiko lantaldearekin aritu da telesailaren lehen zatiak grabatzen, baina oraingo honetan Ander Iruretagoiena zarauztarrarekin batera zuzendu du pieza. Izan ere, La Traka ekoiztetxeak sortutako proiektua da Nahiak, eta 2deo Tabakalerako ikus-entzunezko edukien laborategien deialdirako aukeratu zuten. "Anderrek aktoreen zuzendaritza eta narratiba arloa zuzendu ditu; nik, aldiz, telesailaren arlo teknikoa zuzendu dut".
Azpeitiarrak telesail bat zuzentzen duen lehen aldia da, baina ezberdintasun handirik ez duela igarri dio: "Orain arte egin ditudan proiektuekin alderatuta, Nahiak ez da hain desberdina izan, ohiko lantaldearekin aritu bainaiz lanean". Gai aldetik ere, beldurrezko eta fantasiazko proiektuak gauzatu ditu Rodriguezek gaur arte, baina LGTBQ+ tematikan ere ondo moldatu dela dio: "Proiektua aurkeztu zidatenean oso interesgarria iruditu zitzaidan gai hau, oso gordina baita eta errealitatea islatzen baitu". Teknikoki "erronka" izan dela aitortu du Rodriguezek, baina oso gustura aritu dela lanean: "Hainbat sekuentzia alai daude atal honetan, eta argi zein interpretazio aldetik oso idilikoak dira. Halere, badaude sekuentzia dramatiko batzuk ere, argi aldetik askoz gogorragoak direnak".
Hain zuzen, ikus-entzunezkoaren argazkia "asko" landu dutela dio zinema zuzendariak, eta emaitza "bikaina" izango dela: "Kolore paleta markatua du telesailak. Plano sekuentzia bat grabatu genuen Donostiako Bataplan diskotekan, eta teknikoki konplikatua izan zen. Neonezko argiak ageri dira, eta gaueko giroan egoten diren argi irreal horiek ere bai; argazki aldetik oso lan interesgarria izango da".
Koronabirusa, oztopo
Pandemia garaian grabatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan Rodriguezentzat eta bere taldearentzat. Izan ere, telesailaren atal pilotua grabatzeko aurrekontuaren zati handi bat lantaldeari PCR eta antigeno probak egitera bideratu behar izan dute: "La Traka ekoiztetxeak atal pilotua grabatzeko jaso zuen aurrekontuan ez zegoen aurreikusita probak egitearen gastua, eta oztopo handi bat izan da errodatzerakoan, gauza asko baldintzatu baititu horrek". Dena den, grabaketak "intentsoak" izan arren "oso ondo" joan direla nabarmendu du azpeitiarrak.
Behin grabaketak amaituta, ekainaren 3a du buruan Nahiak telesaileko lantaldeak. Izan ere, ordurako amaituta egon behar du atalak, Euskal Telebistakoei aurkezteko: "Haiek ikusiko dute lehen atala, eta baloratuko dute ea telesaila egin daitekeen ala ez". Kontuak kontu, Rodriguez egindako lanarekin "oso gustura" dago: "Kalitate tekniko eta narratibo aldetik bikain geldituko da atala, eta dena ondo badoa hurrengo pausoa gainontzeko atalak grabatzea izango da, segidan”.