Aurtengo kirol denboraldiko lorpenengatik, Nahia Olaizola eta Alaia Juaristi kirolari gazteei harrera egin zieten atzo arratsaldean udaletxean. Olaizola patinaje artistikoan aritzen da; Juaristi, berriz, iraupen eskian, eta azken hilabeteotan garaipen eta sari esanguratsuak erdietsi dituzte biek ala biek. Nagore Alkorta alkateak eta Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak oroigarri bana eman zieten atzoko ekitaldian.
Olaizolak zilarrezko domina eskuratu zuen martxoan, Valdemoron (Madril, Espainia) jokatu zuten Patinaje artistikoko Espainiako Txapelketan; eta joan den azaroan, Budapesten (Hungaria), bere nazioarteko lehen txapelketan, hirugarren egitea lortu zuen. Juaristik, ostera, Espainiako Txapelketan lehen postua eskuratu du bi modalitatetan, Espainiako Kopako txapela bereganatu du, eta bere buruari jarria zion erronka nagusia ere bete du: Europako Kopara sailkatzea.