Gaur, apirilak 21, Azpeitiko Udalaren administrari lan poltsa eratzeko lehen azterketa egin dute hainbat lagunek. 415 pertsonek zuten azterketa egiteko eskubidea, eta kopurua dela eta, bi tokitan egin dute froga horiek: Izarraitz pilotalekuan eta kiroldegian. 09:15ean zabaldu dituzte bi eraikinetako ateak, eta 10:00etan hasi dira hautagaiak azterketa egiten. Udalak bi zerrenda osatuko ditu: administrazio orokorrean jarduteko, bata; eta zenbakietan espezializatutako postuetarako, bestea. Lan poltsa lehiaketa-oposizio bidez osatuko du udalak, eta zerrenda horiek baliatuko ditu sortzen diren behin-behineko beharrei erantzuteko.