Apirileko ibai garbiketa atzeratzea erabaki du Urola Bizirik taldeak

Julene Frantzesena 2021ko api. 23a, 08:00

Ibaitik jasotako hainbat hondakin. (Urola Bizirik)

COVID-19 kasuen gorakada tarteko hartu du data atzeratzeko erabakia natur taldeak, baina aurrerago beste deialdi bat egingo duela adierazi du. Ibai garbiketan egiten dituzten arren, emaitzak "nahiko antzuak" direla uste du Urola Bizirikek, "zabor pilaketa etengabea" baita.

Urola Bizirik natur taldeak bertan behera utzi du apirilean egitekoa zen ibai garbiketa, COVID-19 kasuen gorakada tarteko. Dena den, taldeak jakinarazi duenez, aurrerago egingo dute beste deialdi bat, nahiz eta oraindik ez duten eguna zehaztu.

Urola Bizirikek ibaiak eta errekak garbitzeko egiten dituen saioen emaitzak "nahiko antzuak" direla adierazi du, "zabor pilaketa etengabea" baita eremu horietan. Hori dela eta, taldeak uste du arazoari irtenbidea emateko modurik egokiena prebentzioa dela: "Arazoa handia denean horri aurre egitea baino askoz eraginkorragoa da arazoa saihestea.

Horregatik, gogoratu nahi dugu denoi dagokigula kaleak, parkeak eta bazterrak garbi mantentzea: kale garbiketa ez dago garbiketa-zerbitzuen menpe, bertako biztanleen heziketaren gain baizik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide