Horman Poster kolektiboaren lan berriaren lehen zertzeladak, gaur, Dinamoan

Aitziber Arzallus 2021ko api. 23a, 10:00

Horman Poster kolektiboko kideek beraien hurrengo antzezlana izango denaren lehen zirriborroa aurkeztuko dute gaur, ostirala, Dinamoan, 19:00etan hasita. Sortzen ari diren lanak Souvenir izena du eta datorren urteko urrian taularatzea aurreikusten dute.

Gaur, ostirala, Horman Poster kolektiboko kideak Azpeitiko Dinamoan izango dira prestatzen ari diren lan berriaren lehen zertzeladak erakusten. Souvenir izena du lan horrek, datorren urteko urrian taularatzea espero dute, eta lehen zirriborroa izango da gaur aurkeztuko dutena. 19:00etarako jarri dute hitzordua.

Horman Poster kolektiboko kideek, Foru Aldundiaren Olatuak programari esker, Dinamoan egonaldia egin eta pieza berria sortzen hasteko aukera izan zuten. "Souvenir zirriborroa #1 ingurunearekin elkarrizketan egindako ikerketa performatibo bat da, eta gaur Dinamoan egingo duguna da horren aurkezpen txiki bat, alegia, gure sormen egonaldiaren fruituen erakustaldia", azaldu du Xanti Agirrezabala Horman Poster kolektiboko kide azpeitiarrak. "Lehen zirriborroa jendaurrean aurkeztuta, etorkizuneko pieza eszeniko baterako hausnarketak aktibatzea da helburua; publikoarekin hartu-emanean eta aurkezpenean bertan, gure piezara begira material gehiago sortzea". Aurkezpenaren eta elkarrizketaren muina "bidaia eta paisaia konkistatzeko desira kolonizatzaile turistifikatua" direla aurreratu du kolektiboak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide