Oinarrizko produktuen biltegia izan dute hizketagai Sanagustinen

Aitziber Arzallus 2021ko api. 23a, 09:30

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren Oinarrizkotik oinarria aldatu kanpainaren helburuetako bat da duela urtebete Esklabetan martxan jarri zuten oinarrizko produktuen biltegia herriratzea, bultzada emateko, eta hain zuzen ere, biltegiaz eta haren urtebeteko ibilbideaz jardun zuten atzo arratsaldean, Sanagustineko solasaldian. Bihar, zapatua, elkartasun azoka egingo dute Azpeitiko plazan, 12:00etatik 15:00etara.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak apirilaren 8an abiatu zuen Oinarrizkotik oinarria aldatu kanpaina, eta Azkoitian eta Zestoan hitzaldi eta elkartasun azoka bana egin ostean, atzo ekin zieten Azpeitirako antolatutako jarduerei. Urtebete da Esklabetako oinarrizko produktuen biltegia martxan jarri zutela, eta besteren artean, biltegia sortzeko arrazoiez, izan duen garapenaz, topatu dituzten zailtasunez eta hemendik aurrerako erronkez jardun zuen Iraitz Elordi hizlariak, atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean eman zuen hitzaldian.

Oinarrizkotik oinarria aldatu kanpainak bi helburu ditu: batetik, herritarrak hainbat gairen inguruan hausnartzera bultzatzea; eta bestetik, oinarrizko produktuen biltegia herriratzea, bultzada emateko. Hilaren 8an Azkoitian eman zioten hasiera kanpainari, Faxismoa: arraza eta klase aldagaiak bere historian zehar hitzaldiarekin, eta han egin zuten aurreneko azoka, hilaren 10ean. Hilaren 15ean, Etxebizitza Sindikatuko kideek euren jardunaren berri eman zuten Zestoan, eta bi egun beranduago elkartasun azoka egin zuten han. Ildo beretik, eta apirileko ekintzei bukaera emateko, bihar, zapatua, elkartasun azoka egingo dute Azpeitiko plazan, 12:00etatik 15:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide