Joan zen martxoan zabaldu zuen Lagun Onak mendi bazkunak Joxe Urbieta Takolo zenaren omenezko erakusketa. Bertan, argazkiak eta mendiko material ugari jaso dituzte, baina erakusketa osatzen duten gauza guztien artean bada istorio berezia gordetzen duen zerbait. Hain zuzen, Takoloren motxila. Beñat Arrue zenaren amak, Arantxa Gurrutxagak, eraman zuen motxila Takoloren omenezko erakusketara. Zer dela eta? Motxilak gordetzen duen istorio hirukoitza kontatu dio Gurrutxagak Erlo Telebistari. Era berean, Lagun Onak MBko lehendakari Arantxa Larrañagak erakusketaren inguruko xehetasun guztiak azaldu ditu honako erreportaje honetan.