Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa martxan da; apirilaren 23an ekin zioten hogei bertsolarik lehiari. Guztira, lau kanporaketa jokatuko dituzte horiek, eta Azpeitikoa hirugarrena izango da. Ostiralean, 19:00etan, izango da saioa Soreasu antzokian, eta Xabier Albizu bertsolari azpeitiarra izango da bertsolarietako bat.
Albizurekin batera jokatuko du Azpeitiko kanporaketa Naia Arrizabalaga Erniarraitz bertsozale elkarteko kide azkoitiarrak ere. Beñat Mateosek, Izar Zelarainek, Mikel Etxezarretak eta Aratz Lasak osatuko dute seikotea. Finala, berriz, maiatzaren 28an izango da Urnietako (Gipuzkoa) Saroben.
Azpeitiko saiorako gonbidapenak gaurtik aurrera www.bertsozale.eus webgunean eskatu beharko dira galdetegia beteta. COVID-19a dela eta, eremu gorrian dago Azpeitia, eta, beraz, Azpeitiko bizilagunek soilik hartu ahal izango dituzte saiorako gonbidapenak.