Hitzaren Eskolaren bigarren edizioari amaiera emateko, Belarrijana entzunaldia egin zuten larunbatean, Dinamoa sormen gunean. 10:00etan hasi eta 18:00ak arte, zortzi orduko saio irekia izan zen, eta hainbat izan ziren tarteren batean Dinamora bertaratu ziren herritarrak.
Hitzaren Eskolan sei irakasle izan dituzte ikasturtean zehar, eta Xabier Erkizia izan da azken gidaria; haren saioetan landutakoen haritik sortu zen Belarrijana entzunaldia. Erkiziak hitzarekin lan egiten duen arren, soinua du lan tresna batez ere; besteak beste, hitzaren presentzia eta absentzia lantzen ditu. Irakasle horrekin egindako saioetan esperimentatzeko aukera izan dute ikasleek, eta grabaketak ere egin dituzte. Grabaketa horiek izan ziren entzungai larunbateko saioan, eta baita hainbat egilek sortutako piezak ere: besteak beste, Luc Ferrari, Hildegaard Westerkamp, Xabier Erkizia, Toshiya Tsunoda, Marc Namblard, Eric La Casa, Lionel Marchetti eta Annea Lockwood musikarienak.
Argazki guztiak, lotura honetan.