Hi Gazte! dinamikaren beste saio bat egin zuten atzo, asteazkena, Azpeitian. Iraurgi Ikastetxeko ikasleek ikus-entzunezkoetan sakondu zuten, aurretik egindako saioetan bezelaxe. Izan ere, nerabeen aisialdian euskara areagotzea du helburu Hi Gazte!-k, batez ere, ikus-entzunezko edukien kontsumoari, hedapenari eta sorkuntzari lotuta. Atzokoan, Kai Nakaik eta Maialen Sorzabalberek sarerako ikus-entzunezkoak sortzeko kontuan izan beharreko hainbat jarraibide azaldu zizkieten ikasleei.
Hi Gazte! Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara departamentuak sustatutako dinamika da, eta Gipuzkoako eskualde ezberdinetako 14 eta 16 urte arteko neska-mutikoekin ari dira saioak egiten. Herri ugaritan egin dituzte saioak dagoeneko, eta atzokoa Azpeitian egindako bigarrena izan zen. Gipuzkoako eskualde bakoitzeko hiruna ikastetxe ari dira egitasmoan parte hartzen.