Igoera fasea esku-eskura dute Lagun Onakeko neskek

Julene Frantzesena 2021ko mai. 6a, 09:18

Lagun Onakeko emakumeak joan zen igandean Bergaran jokatu zuten partidan. (Lagun Onak)

Larunbatean Garmendipe futbol zelaian jokoan izango diren hiru puntuak preziatuak izango dira, partida irabazten duenak Euskal Ligarako igoera fasean aritzeko txartela lortuko baitu. Dena den, Lagun Onakek aski du berdinketarekin. 16:30ean hasita, Garmendipen jokatuko dute norgehiagoka.

Partida oso garrantzitsua dute zapatuan Lagun Onak futbol taldeko emakumeek. Izan ere, igoera faserako txartela Azpeitian banatuko da, Lagun Onak eta Zumaiakoren artean zehazki. Denboraldi berezia izan da aurtengoa –martxoan hasi zuten–, baina iritsi da bukaera aldera; Azpeitiko taldeak lan ona egin du, eta horren erakusle da Euskal Ligarako igoera fasea esku-eskura izatea.

Larunbatean Garmendipe futbol zelaian (16:30 hasita) jokoan izango diren hiru puntuak preziatuak izango dira, partida irabazten duenak igoera fasean aritzeko txartela lortuko baitu. Dena den, Lagun Onakek aski du berdinketarekin ere. Lagun Onak eta Zumaiako sailkapeneko bigarren eta hirugarren postuetan dira, hamabina punturekin berdintuta. Sailkapeneko liderra Eibar da, hamahiru punturekin, eta talde horrek Urola izango du aurrez aurre asteburuan.

Igoera fasera sailkatzeko diren bi taldeek beste taldeko sailkapeneko aurreneko bien aurka jokatuko dituzte partidak: hau da, talde bateko aurrenak besteko bigarrenaren aurka; eta alderantziz. Beraz, fase horretara sailkatzen diren taldeentzat beste bi astez luzatuko da denboraldia.

Joan zen asteburuan Bergara izan zuen aurkari Lagun Onakek, eta aise gainditu zuen taldea; hain zuzen ere, 1 eta 6 nagusitu zen Azpeitiko taldea. Izarok eta Joanek bina gol sartu zituzten, eta Maitek eta Nahiak bana.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide