Aitor Zulaika entrenatzailea eta Jagoba Beobide futbol jokalaria RFEF Lehen Mailara igo dira Irungo (Gipuzkoa) Real Union futbol taldearekin. Atzo, igandea, Tarazona futbol taldearen aurka jokatu zuen Real Unionek Tarazonan (Aragoi, Espainia), eta 1 eta 2 irabazi zuten txuri-beltzek. Garaipena eskuratuta, mailaz igotzeko behar zituzten hiru puntuak batu ditu Real Unionek denboraldia amaitzeko hiru jardunaldiren faltan.
RFEF Lehen Mailan jokatuko du 2021-22 denboraldian Real Unionek; izan ere, Espainiako Futbol Federazioak datorren urtetik aurrera beste modu batera egituratuko ditu Espainiako Bigarren Mailatik beherako mailak. Real Union Bigarren B Mailatik RFEF Lehen Mailara igo da, Bigarren Mailaren eta Bigarren B Mailaren arteko mailara, hain zuzen ere. Hori horrela, egungo Bigarren B Mailari RFEF Bigarren Maila deituko diote, eta RFEF Hirugarren Maila izena hartuko du egungo Espainiako Hirugarren Mailak.
45 puntu batuta lortu du Irungo futbol taldeak mailaz igotzea, baina oraindik hiru jardunaldi gelditzen zaizkio denboraldia amaitzeko. Asteburuan, Osasuna B taldearen aurka arituko dira Gal zelaian, eta hurrengo asteburuan Ebro taldearen aurka jokatuko dute, etxetik kanpo.