Promozio mailako Binakako Pilota Txapelketako finala jokatuko du bihar Jon Alberdik

Andoni Elduaien 2021ko mai. 7a, 08:30

Jon Alberdi pilotaria. (Argazkia: Baiko)

Apirilaren 23an eskuratu zuten finalerako sailkapena Alberdik eta Salaverrik. Herenegun egin zuten larunbateko finalerako pilota aukeraketa finala jokatuko duten Logroñoko (Errioxa, Espainia) Adarraga pilotalekuan.

Jon Alberdi pilotari azpeitiarrak Promozio mailako Binakako Pilota Txapelketako finala jokatuko du bihar, larunbata, Logroñoko (Errioxa, Espainia) Adarraga pilotalekuan. Ruben Salaverrirekin osatu du bikotea txapelketan Baikoko pilotariak, eta bihar Aspeko Elordi eta Garmendia izango dituzte arerio.

Alberdik adierazi du bai Salaverri eta bai bera "ilusio handiarekin" daudela. "Ea gure finalik onena egiteko gai garen. Elordik eta Garmendiak irabazi behar badute, gu baino hobeak izan direlako izan dadila. Erraztasunik ez badiegu ematen, beraiek ere partida ona jokatu beharko dute", azaldu du Alberdik. "Final ona" jokatu nahi du Alberdik, eta Adarragako pilotalekura "txapela eramateko intentzioarekin" kantxaratuko direla nabarmendu du azpeitiarrak.

Asteazkenean egin zuten finalerako materialaren aukeraketa Adarragan bertan. Aspeko pilotariek 105,5, 104,9 eta 105,6 gramoko hiru pilota hautatu zituzten. Alberdik eta Salaverrik, beren aldetik, Aspeko bikoteak baino material astunagoa hartu zuten larunbaterako; 105,7, 105,6 eta 105,4 gramoko hiru pilota, hain zuzen ere.

Alberdi, ezkerretik bigarrena. (Argazkia: Aspe)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide