Euskal Ligarako igoera fasera sailkatu da Lagun Onak

Ihintza Elustondo 2021ko mai. 8a, 19:03

Lagun Onakeko emakumeak garaipena ospatzen. (Lagun Onak)

Lagun Onakeko emakumeek partida garrantzitsua jokatu dute gaur Garmendipen, Zumaiakoren aurka. Bost eta huts gailendu da etxeko taldea, eta beraz, igoera fasera sailkatu da.

Neurketa oso garrantzitsua jokatu dute gaur arratsaldean Lagun Onakeko emakumeek, Garmendipe futbol zelaian. Izan ere, Euskal Ligarako igoera faserako txartela zuten jokoan, eta eskuratu dute helburua. Zumaiakori bost eta huts irabazita, igoera fasera sailkatu da Azpeitiko taldea.

16:30ean hasi da partida, eta lehen unetik nagusitu da etxeko taldea. Bosgarren minutuan iritsi da lehen gola; Malenen erdiratze baten ostean, Joanek atera bidali du baloia. 21. minutuan iritsi da bigarrena: Eguzkiñe izan da orduan gola sartu duena. Handik gutxira, 25. minutuan, beste gol bat sartu du Mariak. 33. minutuan, berriz, beste bat sartu du Eguzkiñek. Horrela, markagailua lau eta huts zela iritsi dira jokalariak atsedenaldira.

Bero izugarria egin du, eta horrek eraginda, partidaren intentsitatea gutxitu egin da bigarren zatian. Ez da lehen zatian bezalako gol zaparradarik izan bigarrenean, baina Lagun Onakek ez du amore eman, eta beste gol bat sartu du 83. minutuan; orduan, Jone izan da goleatzailea.

Igoera fasera sailkatzen diren bi taldeek beste taldeko sailkapeneko aurreneko bien aurka jokatuko dituzte partidak: hau da, talde bateko aurrenak besteko bigarrenaren aurka; eta alderantziz. Beraz, Lagun Onakentzat beste bi astez luzatuko da denboraldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide