Xanti Rodriguezek Bilboko Fant zinema jaialdian aurkeztu du 'Ospel'

Ihintza Elustondo 2021ko mai. 10a, 15:20

Xanti Rodriguezek zuzendutako Ospel film laburra Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoan lehiatzeko hautatu dute. Euskal zuzendariek ondutako film laburren atalean aurkeztu du lana azpeitiarrak, eta igandean jakinaraziko dute zein lan saritu dituzten.

Xanti Rodriguez zinema zuzendariak Ospel film laburra aurkeztu du Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoan. Joan den larunbatean, euskal zuzendariek ondutako film laburren ekitaldia egin zuten Bilboko Azkuna zentroan, eta guztira, 11 film labur aurkeztu zituzten bertan. Ikus-entzunezko horiek Fant Laburrean Euskal Filmak atalean lehiatuko dira, eta han izan zen azpeitiarra, Ospel atal horretan lehiatzeko aukeratu dutelako. Rodriguezek adierazi duenez, "sekulakoa" izan da berarentzat film laburra jaialdi horretan lehiatzeko aukeratu izana. 

Igandera –maiatzak 16– arte iraungo du Fant zinema jaialdiak, eta egun horretan jakinaraziko dute zeintzuk izan diren edizio honetako lan irabazleak. Egun horretan esango dute euskal film laburren atalean ere zein izan diren garaile; batetik, Euskal Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria banatuko dute –2.000 euroko saria–, eta bestetik, ikuslearen saria. Beraz, bi sari horiek eskuratzeko hautagaien artean da Rodriguezek zuzendutako Ospel.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide