Koronabirusa Azpeitian

Astebetean erdira murriztu da herrian atzeman dituzten positiboen kopurua

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 14a, 13:16

Atzo bi positibo baieztatu zituzten herrian. Horiekin, hemezortzi lirateke aste guztian zenbatu dituztenak, joan den astekoaren erdia. Ondorioz, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa jaitsi egin da: joan den ostirelan 446,78koa zen, atzo 361,37koa, eta gaur 348,23koa da.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo bi positibo hauteman zituzten herrian. Horiekin, hemezortzi lirateke aste guztian zenbatu dituztenak, joan den astekoaren erdia. Ondorioz, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa jaitsi egin da: joan den ostirelan 446,78koa zen, atzo 361,37koa, eta gaur 348,23koa da.

Urola Kostan ere jaitsiera nabarmena izan da. Herenegun hogei lagunek eman zuten positibo, eta atzo hamabik. Zestoan lau kasu berri baieztatu dituzte; Azkoitian, Azpeitian eta Zarautzen bina, eta Errezilen eta Zumaian bana. Aste guztian, berriz, 140 kasu zenbatu dituzte eskualdean: 46 Zarautzen, 30 Azkoitian, hemezortzi Azpeitian, hamazazpi Zumaian, hamabi Orion, zortzi Zestoan, hiruna Aian eta Errezilen eta bat Getarian.

Intzidentzia tasari dagokionean, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietan Azkoitiak du altuena: 667,61ekoa. Zarautzek eta Zumaiak 450etik 500era artekoa dute, eta Azpeitiak eta Oriok 350 ingurukoa. Tasak oraindik oso altuak diren arren, joan den ostiralaz geroztik herri guztietan egin dute behera. Herri txikien artean, berriz, Errezilgo tasa da aste honetan gora egin duen bakarra. Errezilek ez ezik, Aiak eta Zestoak ere 400dik gorako tasak dituzte; Aizarnazabalek 400dik beherakoak du; eta Getariak 150etik beherakoa. Beizaman ez dute positiborik izan azken hamalau egunotan, eta hutsean da intzidentzia tasa. Kontuan izatekoa da, ordea, horietan positibo bakar batek gorabehera handiak egiten dituela intzidentzia tasan.   

Hego Euskal Herrian 500 positibo baino gutxiago

Hego Euskal Herrian atzo gauzatutako 10.405 PCR eta antigeno probetan, orotara, 464 positibo zenbatu zituzten: 32 Araban, 245 Bizkaian, 111 Gipuzkoan eta 71 Nafarroan. Gainera, lurralde horietatik kanpo duten beste bost lagunek ere eman zuten positibo. Nafarroako positibotasun tasa %3,7 da egun, eta Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa, %4,6.

Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da pixkanaka-pixkanaka, nahiz eta oraindik asko diren Hego Euskal Herriko erietxeetan COVID-19a tarteko ospitaleratuta dauden pertsonak. Osakidetzak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 295 lagun daude erietxeetan –bezperan baino 41 gutxiago–, eta horietatik erdiak, 148 lagun, ZIUetan daude.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide