2020ko Sormen Bekek emandakoa, jendaurrera

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 15a, 15:00

Iazko Sormen Bekei esker garatutako sei proiektuak atzo arratsaldean aurkeztu zituzten, ekitaldi ibiltari batean. Sortzaileak eurak arduratu ziren proiektuen nondik norakoak azaltzeaz. Sormen Bekena Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean garatzen duten ekimena da.

Iazko Sormen Bekei esker garatutako proiektuak jendaurrean aurkeztu zituzten atzo arratsaldean, ekitaldi ibiltari batean. Lehenik, Leire Agirrek eta Jone Iruretagoienak ἐκλεκτικός proiektua aurkeztu zuten, 16:00etan, Dinamoan. Jarraian, leku berean, Ane Iturrizak eta Silvia Izquierdok Ez da haurren kontua irudi bidezko narrazio proiektuaren berri eman zuten. Segidan, Elba Azpillagak Azpeitiko ondarearen katalogazioa proiektua ibilbide gidatu baten bidez aurkeztu zuen. Hari Miriam Quintanak hartu zion lekukoa, Foru Ibilbidean ireki duen Bizipenak erakusketaren nondik norakoak azaltzeko. Dinamora bueltan, Alots Arregik Berrogeialdiko koadernoak erakutsi zituen, koadernoetan ez ezik, Dinamoko hormetan eskegitako ilustrazioen bidez. Azkenik, Unai Bidasorok irudiaren inguruko hausnarketa eta eztabaida bultzatzeko entresaka.eus webgunea aurkeztu zuen Dinamoan bertan.

Sormen Bekena Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean garatzen duten ekimena da. 2021ako Sormen Bekak ere bidean dira jada; atzo itxi zen proiektuak aurkezteko epea.

Atzoko aurkezpen ekitaldiko argazki guztiak, lotura honetan.

(Argazkiak: Kulturaz kooperatiba)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide