Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, erabakita dago jada Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finalerako seikotea. Sei finalistetatik lau dira Urola Kostakoak; hain zuzen, Amets Aizpurua getariarra, Joar Garate zumaiarra, Naia Arrizabalaga azkoitiarra eta Nerea Isusi zarauztarra.
Xabier Albizu azpeitiarrak hirugarren kanporaketa jokatu zuen maiatzaren 7an, Soreasu antzokian, eta Naia Arrizabalaga izan zen saio horretako irabazlea. Kanporaketa hartan lorturiko puntuak ez dira nahikoa izan azpeitiarrarentzat finalera sailkatzeko —lau bertsolari zuzenean sailkatu dira finalera, eta bi puntuazioz—. Maiatzaren 28an izango da finala, 19:00etan, Urnietako (Gipuzkoa) Saroben.