Palestinari babesa adierazteko elkarretaratze jendetsua egin dute plazan

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 16a, 09:13

Atzo arratsaldean plazan egin zuten elkarretaratzea. (Aitziber Arzallus)

Dozenaka herritarrek parte hartu zuten atzo arratsaldean Elkar-ekinek deitu eta Azpeitiko Sortuk, EH Bilduk, Ernaik eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak babestutako mobilizazioan. Palestinaren okupazioarekin bukatzeko eskatu zuten.

Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala, Azpeitian ere Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean. Erantzun zabala izan zuen Elkar-ekinen deiak, eta dozenaka herritar bildu ziren herriko plazan, Aski da! Okupazioarekin bukatu. Palestina aurrera! zioen pankartaren atzean. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren eta Azpeitiko Sorturen, EH Bilduren, Ernairen babesa ere bazuen mobilizazioak.

Atzoko egunez 1948an, Israelgo Estatua deklaratu zenean, Palestinako 500 herri baino gehiago suntsitu zituzten, mapatik desagerrarazita. 800.000 pertsona baino gehiago kanporatu zituzten orduan, eta gaur, bost milioi palestinar baino gehiago bizi dira erbestean. Palestinarrek Nakba esaten dioten hondamendiaren 73. urteurrena gogoratu zuten atzoko elkarretaratzearekin, eta azken egunetan Israelek Gazaren kontra eginiko erasoak salatu zituzten. Izan ere, Zisjordaniako Sheij Jarrah auzotik familia palestinarrak kanporatzeari ekin diete Israelgo Poliziak eta kolonoek, eta horrek palestinarren erantzuna ekarri du. Israelgo armadak ehun pertsona baino gehiago hil ditu azken egunotan, hogei haur tartean.

Palestinako egoera ez ezik, Kolonbiakoa ere gogora ekarri zuten elkarretaratzearen bukaeran irakurri zuten mezuen. Irakurketa lotura honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide