Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeak bolada onean jarraitzen du. Atzo arratsaldean Espainiako Hirugarren mailako bigarren faseko seigarren jardunaldiari zegokion partida jokatu zuten Garmendipen Tolosaren kontra, eta 4 eta 1 nagusitu ziren etxekoak. Ligaren lehen faseko hogei jardunaldietan hiru garaipen besterik ezin izan zituzten lortu Ander Avellanedaren mutilek, baina jaitsiera saihesteko lehia zuzena hasi zutenetik, seitik sei garaipen lortu dituzte.
Lehen zatian tolosarrak hobeto sartu ziren partidara, eta haiek izan ziren neurketako lehen gola egin zutenak, etxekoen baloi galtze baten ondorioz. Azpeitiarrak markagailua kontra zutela iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatiak, ordea, beste kolore bat izan zuen Garmendipen. Entrenatzaileak Egoitz Iraolaren ordez Ekhi Gonzalez zelairatzeko erabakia hartu zuen, eta asmatu egin zuen, Gonzalez izan baitzen partida irauli zuen jokalaria. Bigarren zatia hasi eta hirugarren minuturako egin zuen lehen gola, eta hortik aurrera erabatekoa izan zen etxekoen nagusitasuna. Hamar minutu baino lehen, 55. minutuan hain zuzen, bigarrena egin zuen Xabier Geretak; 62. minutuan hirugarrena Joanes Otamendik; eta 79. minutuan laugarrena Gonzalezek, Beñat Urangak baloia hanketan zuela zelaia alde batetik bestera gurutzatu ostean.
Atzoko garaipenarekin salbaziorako bidean urrats garrantzitsua egin dute Lagun Onakeko mutilek. Izan ere, bigarren fasean denera jokatu beharko dituzten hamar partidetatik sei irabazita, beste lau baino ez dituzte aurretik. Datorren asteburuan Urgatzi talde arabarraren kontra neurtuko dituzte indarrak, kanpoan. Joanekoan 3 eta 0 nagusitu ziren azpeitiarrak.
Neskek, berriz, asteburu honetan ez dute partidarik izan. Unai Urbizuk gidatzen duen taldeak datorren astean ekingo dio Euskal Ligarako igoera faseari, Añorgaren kontrako neurketarekin. Talde horren kontra bi partida jokatu beharko dituzte; bat etxean, eta bestea Añorgan. Bigarren finalerdia, berriz, Eibarrek eta Touringek jokatuko dute. Bi kanporaketa horietako garaileek jokatuko dute finala, eta irabazleak soilik izango du datorren denboraldian Euskal Ligan jokatzeko aukera.