Juan Antxieta musika eskolako ikasleak hiru egunez igoko dira aste honetan Sanagustin kulturguneko oholtzara. Bihar, etzi eta etzidamu izango da ikasleen jarduna eta instrumentu desberdinen soinuak entzuteko aukera kulturgunean. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira. Egoera dela eta, sarrera mugatua izango da.
Trikitia, panderoa, txistua eta perkusioa ikasten dutenen txanda izango da bihar. Etzi, asteazkena, flauta, saxo eta klarinete doinuak izango dira nagusi Sanagustinen musika eskolako ikasleen eskutik. Eta hiru eguneko emanaldi soka osatzeko, ostegun arratsaldean kantuen txanda izango da.