Azpeitiko Udala ere LGTBIfobiaren kontra

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 17a, 11:26

(Azpeitiko Udala)

Gaur, maiatzaren 17a, LGTBIfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna da. Horren harira, kolektibo horrek ikurtzat duen bandera udaletxeko balkoitik zintzilikatu dute, eta Azpeitiko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du.

Gaurko egunez 1990ean, homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak. Hori dela eta, maiatzaren 17a LGTBIfobiaren kontrako eguntzat hartzen da mundu guztian. Horren harira, eta urteroko moduan, kolektibo horrek ikurtzat duen bandera udaletxeko balkoiatik zintzilikatu dute, eta Azpeitiko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du. 

Honela dio adierazpenak:

Azken hamarkadetan aurrera pausu handiak eman direla ukaezina da, batik bat lege babesa indartu delako eta baita ikusgarritasun soziala ere. Hala ere bazterketaren gordintasunak bere horretan dirau, eta horren adierazle dira suizidio tasa altuak, sexu gehiegikeria eta eskolako jazarpen tasa askoz altuagoak. Bazterketa edo jazarpen hori mota desberdintakoa izan daiteke, fisikoa, psikologikoa, legala, soziala eta abar; eta horrelako ekintzatzat har daitezke, bazterkeria edo gaitzespena jasatea, irainak edota laidoak jasotzea, eraso fisikoak pairatzea, eta baita erailketa edota suizidioa eragitea ere.

Horrelakoek agerian uzten dute nor bere sexualitate, sexu identitate nahiz generoaren arabera bizitzeko askatasun egiazkorik ez dagoela, eta berdintasun zein bereizkeriarik eza bizi-bizirik daudela. Homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurka borroka egitea askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzea da. Aniztasunak aberastu egiten gaitu; horrenbestez, LGTBI kolektiboko kideek jasaten duten bazterkeriaren eta indarkeriaren aurka egitea jendartearen garapena bultzatzea da; alegia, inklusioaren alde eta bazterkeriaren aurka egitea, eta errespetu zein berdintasun handiagoko gizarte bidezkoa lortzeko bidean urratsak ematea.

Horren aurrean Azpeitiko Udalak:

  • Ozen eta argi gaitzetsi nahi ditugu homofobia, lesfobia eta transfobia adierazpen mota guzti guztiak.
  • Sentsibilizazio lan iraunkorra egiten jarraituko dugu udaleko sail ezberdinetatik.
  • Herriko ikastetxe guztiei baliabideak eskainiko dizkiegu homofobiari aurre hartzeko.
  • Homofobia kasuen aurrean eskuhartzea koordinatzeko zerbitzuak indartuko ditugu, gazteengan arreta berezia jarriz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide