Ilunpek Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan etxean jokatuko dituen partidak zuzenean ikusi ahal izango dira Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistan

Uztarria.eus 2021ko mai. 17a, 18:05

Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzte neurketak.

Azpeitiak Oñatiren kontra neurtuko ditu indarrak ostiralean, 18:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Norgehiagoka horien zuzeneko emanaldia eskainiko du Uztarria.eus-ek eta Erlo Telebistak. Koldo Aldalur kazetaria zein Iban Otaegi Beixama pilotari ohia ariko dira esatari lanetan. Lehian aurrera egiten badu, Azpeitiak etxean jokatuko dituen neurketak ere zuzenean ikusi ahal izango dira.

Martxan dira dagoeneko Gipuzkoako Herriarteko txapelketak, eta Azpeitia ere lehian bete-betean sartua da. Joan zen astean egin zuten debuta herriko esku pilotariek, eta erraztasun osoz irabazi zituzten Oñatiren kontrako hiru partidak. Datorren ostiralean jokatuko dituzte horiek final zortzirenetako itzulerako partidak, Izarraitz pilotalekuan, eta Uztarria.eus-en nahiz Erlo Telebistan zuzenean ikusi ahal izango dira norgehiagokak.

Oñatiren kontrako itzulerako partidak 18:30ean hasita jokatuko dituzte Ilunpeko pilotariek, eta hain zuzen ere, neurketa horiek emango dituzte Uztarria.eus-ek eta Erlo Telebistak Izarraitz frontoitik zuzenean. Koldo Aldalur kazetaria eta Iban Otaegi Beixama pilotari ohia ariko dira esatari lanetan.

Gainera, Azpeitiak aurrera egiten badu, hurrengo kanporaketetako etxeko norgehiagokak ere zuzenean ikusi ahal izango dira bai Uztarria.eus-en, bai Erlo Telebistan. Final laurdenetara sailkatzen bada, itzulerako neurketak jokatuko ditu etxean Azpeitiak, eta horiek ekainaren 5ean izango dira. Kanporaketa hori gaindituta, finalerdietarako txartela lortzen badu, berriz, ekainaren 12an joaneko neurketak jokatuko dituzte etxean Ilunpeko pilotariek. Kanporaketa horiek denak gainditzen dituzten bi taldeek ekainaren 26an jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide