Blanquita Carraquela eta Mugan taldeen kontzertuak izango dira ostiralean Sangustinen

Anartz Izagirre 2021ko mai. 18a, 08:45

Mugan taldeko musikariak.

Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruan kontzertu bana eskainiko dute bi taldeek, 18:00etan hasita. Oraindik ere eskuragarri daude ekitaldirako gonbidapenak Kulturazen webgunean.

Bi kontzertu ikusteko aukera izango da ostiralean, hilak 21, Sanagustin kulturgunean. Izan ere, Blanquita Carraquela eta Mugan taldeak igoko dira kulturguneko agertokira, 18:00etan hasita. Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruko kontzertuak izango dira, eta oraindik ere eskuragarri daude ekitaldirako gonbidapen txartelak Kulturazen webgunean.

Blanquita Carraquela Asier Beramendi donostiarrak sortutako taldea da. 2012an hasi zen Beramendi bere lehen abestiak idazten, eta 2014an Eraul taldearen bere lehen maketa grabatu zuen; talde hori desegin ondoren sortu zuen donostiarrak Blanquita Carraquela. Bere musikan, besteak beste, elektronikari loturiko elementuak erabiltzen ditu, hala nola sintetizadoreak, erritmo-kaxak eta teklatua. Mugan taldea, berriz, zazpi musikarik osatzen dute; 2019an eman zituzten beren lehen kontzertuak, eta joan zen abuztuan kaleratu zuten Udabiberri izeneko lehen singlea. Folk soinuak dira beste hainbat doinuren artean beren musikaren erreferenteak.

Hona hemen Mugan taldearen Udabiberri abestiaren bideoklipa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide