Kirol Patronatuko bazkideek Mugiment egitasmoarekin bat egin duten herrietako kirol instalazioak doan erabili ahal izango dituzte

Julene Frantzesena 2021ko mai. 18a, 10:09

Egoitz Arruti Kirol batzordeburua eta Pilar Valenciano kirol teknikaria. (Azpeitiko Udala)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 48 herrik egin dute bat egitasmoarekin. Erabiltzaileek ez dute kostu gehigarririk ordaindu beharko beste herrietako instalazioak erabiltzeagatik. Horretarako, baina, beharrezkoa da gailu mugikorren batean Mugiment txartel birtuala izatea. 

Azpeitiko Udalak bat egin du Mugiment kirol txartelaren egitasmoarekin, eta horrenbestez, Azpeitiko Kirol Patronatuko bazkideek programa horretan parte hartzen ari diren gainerako 47 herrietako kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte. Era berean, egitasmoan parte hartzen ari diren gainerako herrietako bizilagunek Azpeitiko instalazioak nahiz zerbitzuak erabili ahal izango dituzte. Horretarako, baina, beharrezkoa da Mugiment txartel birtuala eskuko mugikorrean izatea.

Erabiltzaileek ez dute kostu gehigarririk ordaindu beharko beste herrietako instalazioak erabiltzeagatik; doan sartu ahal izango dira horietara. Gainera, ikastaroetarako edo kantxak eta pistak erreserbatzeko abonatutako pertsonen tarifa berberak izango dituzte. Izan ere, Mugiment kirol txartela duten herritarrentzat zerbitzu eta ordutegi eskaintza jakin bat ezarri du udalerri bakoitzak.

Egitasmoaren helburua kirola eta ariketa fisikoa sustatzea dela azaldu du Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak: "Herritarreei hainbat kirol gunetarako sarbidea erraztea eta ikastaro zein kirol modalitateen eskaintza handitzea da xedea, pertsonen bizilekua den herriko baliabideetatik haratago".

Azpeitiaz gain, honako hauek dira Mugiment txartelaren egitasmoarekin bat eginda dauden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 47 herriak: Gipuzkoan, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Deba, Zumaia, Zestoa eta Getaria; Araban, Amurrio eta Laudio; eta Bizkaian, Amorebieta-Etxano, Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Ugao-Miraballes, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Ermua eta Bilbo.

Nola jaitsi txartela?

Mugiment kirol txartelaz baliatzeko bete beharreko baldintza bakarra Azpeitiko Kirol Patronatuko bazkide izatea da. Txartela doakoa eta birtuala da, eta Interneterako sarbidea duen gailu mugikor bat baino ez da behar aplikazioa deskargatzeko; Google Playn eta App Storen dago eskuragarri.

Aplikazioa jaitsi eta instalatu ondoren, erregistratu egin behar da; hau da, datu pertsonalak, e-posta helbidea nahiz NANa sartu behar dira, kuota zein kirol entitateri ordaindu zaion adierazita. Egiaztapena eginda, jakinarazpen bat jasoko da mugukorrean, eta segidan hasi ahal izango da Mugiment kirol txartela erabiltzen.

Behin aplikazioa deskargatuta eta erregistroa eginda, erabiltzaile bakoitzak gailu mugikorrean duen txartel digitala eta NANa erakutsi beharko ditu Mugiment egitasmoarekin bat egin duten herrietako instalazioetara sartzeko. Instalazio bakoitzeko arduradunak egiaztapen kode bat jarriko du erabiltzailearen gailuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide