Alberdi eta Egiguren V.a, Buruz Buruko Txapelketari ekiteko prest

Julene Frantzesena 2021ko mai. 18a, 15:05

Txapelketaren aurkezpeneko irudia. (Aspe)

Bi azpeitiarrek elkarren kontra jokatuko dute txapelketako lehen partida, final laurdenetakoa, ostiralean. Irabazlea finalerdietara sailkatuko da, eta finala ekainaren 5ean izango da. Guztira, zortzi pilotari ariko dira nor baino nor lehian.

Lehen Mailan nola, Promozio Mailan hala. Aurreko asteburuan hasi zen maila nagusiko Buruz Buruko Txapelketa, eta gaur aurkeztu dute Promozio Mailakoa. Zortzi pilotari ariko dira nor baino nor lehian; tartean, Alberdi eta Egiguren V. azpeitiarrak. Horiez gain, Elordi, Erasun, P. Etxeberria, Zubizarreta, Salaberria eta Larrazabal lehiatuko dira txapelaren bila.

Baiko eta Aspe enpresek launa pilotari aurkeztu dituzte txapelketara, eta gaur bertan egin dute partiden zozketak hala erabakita, bi azpeitiarrek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak ostiralean, Idiazabalen (Gipuzkoa). Zehazki B taldea osatuko dute Egiguren V.ak eta Alberdik, eta irabazleak A taldeko garailea –Elordi edo Erasun– izango du aurkari finalerdietan. Bigarren finalerdia, berriz, C eta B taldeetako pilotariek jokatuko dute. Finala ekainaren 5ean izango da.

Alberdi eta Egiguren lan bikaina egiten ari dira Promozio Mailara iritsi zirenetik. Alberdik, esaterako, Binakako Pilota Txapelketa irabazi zuen joan zen maiatzaren 8an.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide