Koronabirusa Azpeitian

282,52ra jaitsi da Azpeitiko intzidentzia tasa

Maria Maya 2021ko mai. 18a, 13:28

Lau kasu berri zenbatu zituzten atzo Azpeitian, baina intzidentzia tasak beheraka jarraitzen du. Hego Euskal Herrian ere hobetzen ari da egoera; %3tik beherakoa da positibotasun tasa.

Osasun Sailak kaleratu du azken orduetan egin diren PCR eta antigeno proben emaitzen berri dakarren txostena. Eskualdeko herrietan egindako probetan hamahiru kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Apurka bada ere, oro har, apaltzera egin dute intzidentzia tasek eta positibo kopuruak, eta Azpeitian ere ari da antzematen joera hori. Izan ere, lau kasu berri hauteman zituzten atzo, aurreko egunetan baino zertxobait gehiago, baina 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak jaisten jarraitzen du. Gaur-gaurkoz, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak, 282,52ko tasarekin.

Eskualdeko datuei erreparatuz, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko bi herrik eremu gorrian jarraitzen dute, Azkoitiak eta Zumaiak. Lau kasu hauteman zituzten Azkoitian eta bat Zumaian; intzidentzia tasak 550,78 eta 437,57 dira, hurrenez hurren. Zarautzen, berriz, 355,51koa da tasa, eta bi kasu baieztatu zituzten atzo egindako probetan. Ostiraletik astelehenerako datuekin, nabarmen egin du behera tasak, ia 100 puntu jaitsi baita herri horretan.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Zestoan eta Orion ez dute kasu berririk baieztatu azken orduetan. Aian 403,02 da tasa, Aizarnazabalen 260,08, Zestoan 333,85 eta Orion 228,31. Beizamak, aldiz, hutsean jarraitzen du. Errezilen eta Getarian kasu bana zenbatu dute; intzidentzia tasak 1.127,21 eta 106,01 dira, hurrenez hurren. 

Positibotasun tasa %3tik behera

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, lau lurraldeetan nabarmen behera egin dute kasu positiboek. Positibotasun tasa % 2,9koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 2,4koa Nafarroan. 

Guztira, 11.906 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurralde horietan, eta 320 kasu zenbatu dituzte: 23 Araban, 157 Bizkaian, 91 Gipuzkoan eta 49 Nafarroan. 

Erietxeetako egoerak ere hobera egin du azken orduetan. Guztira, 389 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan, horietatik 133 ZIUetan. Atzo, astelehena, 43 pertsona ospitaleratu zituzten. Nafarroan, berriz, 107 pertsona daude ospitaleratuta, 20 ZIUetan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide