Ostirala izango da Joxe Takolo bekara proiektuak aurkezteko azken eguna

Julene Frantzesena 2021ko mai. 19a, 08:56

Joxe Takolo zenaren irudia.

Mendiari, abenturari, zientziari, esplorazioari eta dibulgazioari lotutako lanak udaletxean edo udalaren Azpeitia.eus webgunearen bidez aurkeztu beharko dira. Bekaren helburuekin bat egiten duten Euskal Herriko mendizaleek, mendi elkarteek edo bestelako elkarteek nahiz taldeek aurkez ditzakete lanak.

Ostiral honetan bukatuko da 2021eko Joxe Takolo bekara proiektuak aurkezteko epea. Mendiari, abenturari, zientziari, esplorazioari eta dibulgazioari lotutako lanak udaletxean edo udalaren Azpeitia.eus webgunearen bidez aurkeztu beharko dituzte bekaren helburuekin bat egiten duten Euskal Herriko mendizaleek, mendi elkarteek edo bestelako elkarteek nahiz taldeek. Proiektu irabazleak 3.000 euroko diru saria jasoko du.

2001ean sortu zuen Azpeitiko Udalak mendizaletasuna bultzatzea eta Joxe Urbieta Takolo mendizale zenaren "izenaren eta izanaren berri" ematea uztartuko zituen beka, eta 20. urteurrena betzen ditu aurten bekak. Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Mendizale Federazioak ematen dute beka.

Irizpideak eta oinarriak

Bekaren deialdira aurkezten diren proiektuak baloratzeko kontuan hartuko dituzten irizpideak zehaztu ditu Azpeitiko Udalak.

"Aurkeztutako proiektuak ireki aurretik", proiektuaren originaltasuna (% 29 gehienez), zailtasuna (% 29 gehienez), parte-hartzaileen perfila (% 21 gehienez) eta jardueraren eta baliabideen finantzaketa (% 21 gehienez) objektiboki baloratuko ditu lan horretarako izendatutako batzorde teknikoak.

Dirulaguntza jasotzeko aurkezten den proiektu bakoitzaren arduradunak edo ordezkariak eskari-instantzia ofizialaren atal guztiak bete beharko ditu, eta horri nortasun agiriaren fotokopia erantsi, proiektuan partaide izango direnen federazioko lizentziekin batera. Lizentzia horiek, gutxienez, bekara aurkeztu baino urtebete lehenago ateratakoak izan beharko dute.

Egin nahi den proiektuaren memoria eta hari dagokion aurrekontua ere aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek, paperean zein euskarri informatikoan.

Honako lotura honetan loturan daude 2021eko Joxe Takolo bekaren oinarriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide