Koronabirusa Azpeitian

Beheraka jarraitzen du intzidentzia tasak Azpeitian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 19a, 13:31

Osasun Sailak lau kasu berri hauteman zituen atzo, asteartea, Azpeitian, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasa 269,38 da orain. Hego Euskal Herrian, bestalde, gora egin du positibotasun tasak.

Atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Urola Kostan hemezortzi kasu positibo baieztatu dituzte, bezperan baino bost gehiago. Azkoitian zenbatu dituzte kasu gehienak, hamahiru; bestalde, Azpeitian lau lagunek eman dute positibo eta batek Zarautzen. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman azken orduetan.

Azken datuak kontuan hartuta, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak, baina apurka-apurka jaisten jarraitzen du 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak. Gaur-gaurkoz, 269,38koa da tasa hori, atzo baino txikiagoa, eta joera hori nabarmendu da aste hasieratik.

Bestalde, eremu gorrian jarraitzen du Azkoitiak, eta 592,51ra igo da intzidentzia tasa. Horrez gain, azpimarratzekoa da eremu gorritik atera dela Zumaia, atzo positibo bat bera ere zenbatu gabe, 396,87ra egin baitu behera kasu metatuen tasak. Hortaz, bi dira eremu laranjan dauden herriak: Zarautz eta Zumaia. Zarautzen ere, dena den, 321,24ra jaitsi da intzidentzia tasa. Horrez gain, Oriok horiz margotuta jarraitzen du, eta 212ko intzidentzia tasa dute han.

Herri txikiei dagokienez, behera egin dute tasek Aian (352,64), Errezilen (805,15) eta Zestoan (231,12). Berdin mantendu dira, ordea, Aizarnazabalen (260,08), Beizaman (huts) eta Getarian (106,01).

Positibotasun tasa gora

Atzo koronabirusa atzemateko 11.226 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta guztira, 440 lagunek eman zuten positibo: 221ek Bizkaian, 113k Gipuzkoan, 72k Nafarroan, 31k Araban eta hiruk beste lurralde batzuetan. Bezperan baino 120 kasu gehiago izan dira Hego Euskal Herrian, beraz.

Nabarmena da, gainera, positibotasun tasak gora egin duela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo proba egin zutenen %4,1ek eman dute positibo, eta ehunekoa %2,9koa izan zen bezperan. Nafarroan, bestalde, %2,3tik %3,1era igo da positibotasun tasa.

Osakidetzako erietxeetan ere ospitaleratze berri gehiago izan ziren atzokoan: 43 izan ziren astelehenean, eta 48 atzo. Dena den, bezperako datuekin alderatuta, COVID-19ak jotako jende gutxiago dago erietxeetan: 256 ziren astelehenean, eta 246 atzo. Zainketa Intentsiboen Unitateetan bezperan baino bi pertsona gutxiago zeuden atzo, alegia, 131.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide