Azpeitiko 21 odol emaile omenduko dituzte bihar

Julene Frantzesena 2021ko mai. 21a, 10:04

Urola Kostako odol emaileak Loiolan omendu zituzten 2019an.

Aurten herriz herri egingo dituzte omenaldiak, eta Azpeitiko ekitaldia bihar izango da, Sanagustin kulturgunean, 12:00etan. Odola 25, 50, 60 eta 75 aldiz eman duten herritarrek eskuratuko dute oroigarria. Odol Emaileen elkarteak emandako datuen arabera, iaz 748 lagunek eman zuten odola herrian.

Azpeitiko odol emaileek omenaldia jasoko dute bihar, zapatua, Sanagustin kulturgunean. 12:00etan hasita, 21 azpeitiarrek jasoko dute odol ateraldi jakin batzuk egiteagatik banatzen duten oroigarria: 25 aldiz eman duten bederatzi lagunek; 50 aldiz eman duten beste bederatzik; 60 ateraldi egindako bik; eta 75 ateraldi egindako herritar batek.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak urtez urte Loiolan egin izan du Urola Kostako odol emaileak omentzeko ekitaldia, baina aurten, koronabirusaren pandemia tarteko, herri bakoitzean egingo dute. Ekitaldia egingo dute, baina horren ondorengo bazkaria bertan behera utzi behar izan dute. Iaz omenaldia ere ezin izan zuten egin.

COVID-19aren pandemia baino lehen hilero anbulatorioan eskaintzen zuten odola emateko aukera, baina azken hilabeteetan herriko gune desberdinetan ari dira egiteko horretan. Gainera, aurrez hitzordua hartu behar izaten da. Azpeitiko Odol Emaileen elkarteko boluntarioek emandako datuen arabera, iaz 748 lagunek eman zuten odola herrian: 406 gizonek eta 342 emakumek. Gainera, pertsona horietako 30ek iaz gauzatu zuten lehen ateraldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide