Azpeitiak eta Oñatik gaur jokatuko dituzten Herriarteko partidak zuzenean ikusi ahal izango dira Uztarria.eus-en eta Erlo Telebitan

Julene Frantzesena 2021ko mai. 21a, 11:26

Final zortzirenetako itzulerako partidak jokatuko dituzte, eta garailea hurrengo fasera sailkatuko da. 18:30ean hasiko da jaialdia, eta zuzeneko emankizunean Koldo Aldalur kazetaria eta Iban Otaegi Beixama pilotari ohia ariko dira esatari lanetan.

Azpeitiak eta Oñatik gaur, ostirala, jokatuko dituzte Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final zortzirenetako itzulerako partidak Izarraitz pilotalekuan, eta Uztarria.eus-ek eta Erlo Telebistak horiek zuzenean eskainiko dituzte. 18:30ean hasiko da jaialdia, eta zuzeneko emankizunean Koldo Aldalur kazetaria eta Iban Otaegi Beixama pilotari ohia ariko dira esatari lanetan. Gainera, gaur gauean, 22:00etan, emango ditu berriz partidak Erlo Telebistak.

Azpeitia 3 eta 0eko abantailarekin aterako da frontoira gaur; izan ere, joan zen astean jokatu zituzten joaneko hirutik hiru partida irabazi zituzten Ilunpeko pilotariek. Zehazki, kadeteek 2 eta 22 irabazi zuten, jubenilek ere 2 eta 22 garaitu zuten Oñati, eta seniorrak 5 eta 22 nagusitu ziren. Gaur erabakiko da, beraz, Azpeitia edo Oñati zein sailkatuko den final laurdenetara.

Gaurko partidak jokatuta, Azpeitiak aurrera egiten badu, hurrengo kanporaketetako etxeko norgehiagokak ere zuzenean ikusi ahal izango dira bai Uztarria.eus-en, bai Erlo Telebistan. Final laurdenetara sailkatzen bada, itzulerako neurketak jokatuko ditu etxean Azpeitiak, eta horiek ekainaren 5ean izango dira.

Kanporaketa hori gainditu eta finalerdietarako txartela lortzen badu, berriz, ekainaren 12an etxean jokatuko dituzte joaneko neurketak Ilunpeko pilotariek. Kanporaketa horiek denak gainditzen dituzten bi taldeek ekainaren 26an jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide