Koronabirusa Azpeitian

Hamar positibo zenbatuta, eremu laranjan sartu da Azpeitia

Julene Frantzesena-Ihintza Elustondo 2021ko mai. 21a, 12:45

Atzo hamar positibo baieztatu zituzten herrian. Horiekin, 30 lirateke aste guztian zenbatu dituztenak, joan den astekoaren kopuru ia bikoitza. Ondorioz, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa igo egin da –315,37koa da zifra hori une honetan–, eta eremu laranjan sartu da Azpeitia.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratutako datuen arabera, hamar positibo zenbatu zituzten atzo Azpeitian. Azken egunotan atzemandako kopururik handiena da hori, eta horrenbestez, gora egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere: une honetan, 315,37koa da zifra hori –275,95ekoa zen tasa hori atzo–, eta eremu laranjan sartu da Azpeitia. Azken astean, 30 positibo atzeman dituzte guztira; ia bikoiztu egin da kasu kopurua joan zen astetik, hemezortzi positibo zenbatu baitzituzten orduan. Intzidentzia tasa ere joan zen astean baino apur bat altuagoa da: 348,23koa zen duela astebete, hain zuzen ere.

Herenegungo datuekin alderatuz gero, Urola Kostan atzemandako positibo kopurua bikoiztu egin da; izan ere, herenegun hamahiru positibo zenbatu zituen Osakidetzak eskualdean egindako PCR eta antigeno probetan, eta atzo egindakoetan, berriz, 31 atzeman zituen. Azpeitian detektatu dituzte horien herenak. Gainerakoak, honako herri hauetan: Azkoitian eta Zarautzen seina, Errezilen eta Zestoan hiruna, Zumaian bi eta Getarian bat.

Gipuzkoa osoan bi herri baino ez daude eremu gorrian, eta horietako bat da Azkoitia –Tolosa da bestea–. Eremu gorritik ezin irtenda jarraitzen dute herri horretan: 559,13 da hango tasa –400dik jaitsi behar da eremu gorritik ateratzeko–. 5.000 biztanletik gorako gainerako eskualdeko herriak eremu horian dira, eta 5.000tik beherakoen artean Errezil da tasa altuena duena: 1.288,24 da hango tasa.

Hego Euskal Herrian ere, gora

Hego Euskal Herrian ere gora egin du positiboen kopuruak; 9.435 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietan 468k eman zuten positibo –412k herenegun–. Horietako gehienak Bizkaian atzeman zituzten 233; Gipuzkoan, 133; Nafarroan, 72; Araban, 27; eta lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru lagunek ere eman zuten positibo. Gaur-gaurkoz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %5,1 da, eta %4,2 Nafarroakoa.

Ospitaleetako egoera hobera ari da egiten, pixkanaka bada ere. Atzo 44 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren erietxeetan. Orotara, 226 lagun –herenegun baino hamazazpi gutxiago– zeuden ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 130 zeuden ZIUetan –herenegun baino bat gutxiago–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide