Herriartekoaren final laurdenetarako txartela eskuratu du Azpeitiak, Oñatiri aise gailenduta

Maialen Etxaniz 2021ko mai. 21a, 21:03

Kadeteetan, 22-2 gailendu dira Urtzi Egiguren eta Beñat Labaka. Jubeniletan emaitza bera –22 eta 2– eskuratu dute Iker Egigurenek eta Josu Labakak. Seniorrek izan dute lan gehien gaurkoan, baina hala ere 22-6 nagusitu dira Daniel Murgiondo eta Unai Alberdi. Azpeitiak Hernani edo Aretxabaleta –igandean jokatuko dituzte itzulerako partidak– izango du aurrez aurre final laurdenetan. 

Hirutik hiru partida irabazita, Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetarako txartela eskura du Azpeitiak. Gaur arratsaldean jokatu dute final zortzirenetako itzulerako partida Oñatik eta Azpeitiak Izarraitz pilotalekuan, eta aise gailendu dira Azpeitiko pilotariak. Ilunpekoak abantailarekin atera dira frontoira, eta eroso aritu dira hasieratik amaierara.

Joan zen astean jokatu zuten joaneko partida Oñatin, eta han eskuratutako emaitzen antzekoak lortu dituzte azpeitiarrek gaurkoan. Kadeteetan, 22-2 gailendu dira Urtzi Egiguren eta Beñat Labaka. Jubeniletan emaitza bera –22 eta 2– eskuratu dute Iker Egigurenek eta Josu Labakak. Seniorrek izan dute lan gehien gaurkoan, estu aritu baitira Oñatikoak. Hala ere 22-6 nagusitu dira Daniel Murgiondo eta Unai Alberdi.

Azpeitia 3 eta 0eko abantailarekin atera da frontoira gaur; izan ere, joan zen astean jokatu zituzten joaneko partidetan hirutik hiru irabazi zituzten Ilunpeko pilotariek. Zehazki, kadeteek 2 eta 22 irabazi zuten, jubenilek ere 2 eta 22 garaitu zuten Oñati, eta seniorrak 5 eta 22 gailendu ziren.

Gaurko kanporaketa gaindituta, Hernani edo Aretxabaleta  izango dute aurrez aurre final laurdenetan –igandean jolatuko dituzte iltzulerako norgehiagokak–. Kanporaketa guztiak gainditzen dituzten bi taldeek ekainaren 26an jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala.

Palisten itzulerakoa, Ibarran

Azpeitiko palistek larunbatez jokatuko dute Herriartekoaren final zortzirenetako itzulerako partida Ibarran. Tolosa izango dute parez pare, eta azpeitiarrek txapelketan aurrera egiteko joanekoan eskuratutako emaitzari buelta eman beharko diote. Joan zen astean etxean jokatu zituzten final zortzirenetako norgehiagokak, eta Tolosa gailendu zen markagailuan, Azpeitiko palistak 1 eta 2 mendean hartuta.

Itzulerakoa larunbat arratsaldez jokatuko dute, 17:00etan hasita. Eneko Martija, Urtzi Lopetegi, Oier Alkorta eta Asier Egiguren arituko dira Azpeitiko ordezkari. Mikel Sanchez lesionatu egin da, eta Oier Alkortak beteko du haren lekua.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide