Lagun Onakeko emakumeek ondo hasi dute igoera fasea

Julene Frantzesena 2021ko mai. 22a, 14:20

Lagun Onakek gaur AƱorgaren kontrako partidan zelairatu duen hamaikakoa. (Lagun Onak)

4 eta 3 irabazi dio taldeak Añorgari gaur Garmendipen jokatutako neurketa, baina itzulerako norgehiagokan erabakiko da kanporaketa. Etxeko taldearen bi gol Nahiak sartu ditu eta bana Ainhoak eta Joanek.

Lagun Onakeko emakumeen gaur jokatu dute Euskal Ligarako igoera faseko lehen neurketa, Añorgaren kontra. Garmendipeko zelai artifizialean neurtu dituzte indarrak bi taldeek 12:00etan hasita, eta Unai Urbizuk zuzentzen duen taldeak ondo hasi du bide berria; izan ere, 4 eta 3 nagusitu da etxeko taldea.

Neurketa hasi eta bi minutura sartu du Lagun Onaken lehen gola Ainhoak. Lehen zatiko hamabosgarren minutuan iritsi da bigarren gola; Nahiak sartu du. Aukerak izan dituzte bi taldeek, baina hirugarren gola ere Lagun Onakentzat izan da: Joanek sartu du, 24. minutuan. Atsedenaldira iristear zirela sartu du aurreneko gola Añorgak, eta halaxe bukatu da lehen zatia: 3 eta 1.

Bigarren zatia indartsu hasi du Añorgak, aukeraren bat edo beste izan du taldeak, baita Lagun Onakek ere. Dena den, 54. minutuan penaltia egin eta txartel horia jaso du Naroak, eta Añorgak ez du huts egin penaltiaren jaurtiketan: 3 eta 2 zen markagailua. Dena den, Lagun Onak ez da kikildu, eta handik lau minutura, partidako 58. minutuan, iritsi da etxekoen laugarren gola; Nahiak sartu du. 74. minutuan bosgarren gola iristeko zorian izan da Eguzkiñek zutoinera bota du falta jaurtiketa bat. Kontran, baina, Añorgaren hirugarren gola iritsi da 84. minutuan, partida bukatzeko minutu gutxiren faltan.

Hala bukatu da partida, 4 eta 3, eta itzulerako partidan erabakiko da zein talde igaroko den igoera faseko finalera. Izan ere, gaurko emaitza estuarekin ikusteko dago zer gertatuko den. Lagun Onakek Añorgan jokatuko du itzulerako norgehiagoka datorren asteburuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide