'Panpina' antzezlana eta solasaldia izango dira ostiralean, eta oraindik eskura daitezke gonbidapenak

Ihintza Elustondo 2021ko mai. 24a, 12:14

Emakumeen Txokoko ikasturteari amaiera emateko, Panpina antzezlana eta Erika Olaizolaren solasaldia izango dira ostiralean, 18:30ean, Soreasu antzokian. Oraindik eskura daitezke gonbidapenak, lotura honetan.

COVID-19aren izurria tarteko, aurtengo ikasturtea berezia izan da Emakumeen Txokoan ere, baina egoerara moldatu eta hainbat egitasmo egin dituzte astez aste. Azken urteetan, emakumeen jaialdia eta afaria egin izan dituzte ikasturtea borobiltzeko, baina aurten ezinezkoa izango da halakorik gauzatzea. Dena dela, egoerara moldatutako ekintza bat prestatu dute ostiralerako, maiatzak 28. Horrekin emango diote amaiera aurtengo ikasturteari.

Hain zuzen ere, Panpina antzezlanaren emanaldia eta obra horren egile eta aktore Erika Olaizolaren solasaldia antolatu ditu Emakumeen Txokoak ostiralerako. Soreasu antzokian izango da saioa, 18:30ean hasita. Lehenik antzezlana egingo du Olaizolak, eta ondoren, Eneritz Arzallusek gidatuta solasaldia eskainiko du azpeitiarrak.

Saioa doakoa izango da, baina gonbidapena eskatu beharko da aurrez lotura honetan. Bertaratu nahi dutenek badute lekua oraindik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide