Garaiko produktuekin menu osasuntsuak prestatzen ikasteko saioa eskainiko dute ostiralean Azoka Plazan

Maialen Etxaniz 2021ko mai. 24a, 16:07

Nazioarteko Nutrizio Egunaren harira, elikadura osasuntsuaren inguruko saioa antolatu du Hitzez elkarteak. Aitziber Aizpuru nutrizionistak eta Elikaguneko Xabi Izagirrek eskainiko dute saioa, eta bertako zein garaiko produktuekin egin daitezkeen jakien inguruan arituko dira. Bertan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. 

Datorren ostiralean, hilak 28, bertako zein garaiko produktuekin egin daitezkeen jakien inguruko saioa eskainiko dute Azoka Plazan, 11:00etatik 13:00etara. Nazioarteko Nutrizio Egunaren harira antolatu du saioa Hitzez elkarteak.

Aitziber Aizpuru nutrizionistak eta Elikaguneko Xabi Izagirrek bertako zein garaiko produktuekin egin daitezkeen jakien inguruko xehetasunak eskainiko dituzte ostiraleko hitzorduan, etxean askotariko menuak prestatzen ikasteko.

Plazak mugatuta daude, eta saioan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea 689 09 18 41 edo 623 06 89 83 zenbakietara deituta. Saioa zuzenean ikusteko aukera izango da Urkomeren Facebook orrialdean. 

Asteazkenean, dastaketa tailerra

Ostiralekoa ez da aste honetan eskainiko duten ikastaro bakarra; izan ere, asteazkenerako Euskal Herriko eta Palestinako produktuak uztartuko dituen dastaketa tailerra antolatu du Elikaguneak, Bakerako Lankidetza Batzarrearekin (BLB) elkarlanean; Landa Eremuko Emakume Eraldatzaileak jardunaldien barruan egingo dute ikastaroa. 

Elikaguneko Xabi Izagirre sukaldariak eta Sakona Etxaldeko Aiora Etxeberriak gidatuko dute saioa Elikagunean bertan, baina dastaketa tailerra ez da aurrez aurrekoa izango. Izagirreren eta Etxeberriaren saioa online jarraitu ahalko da, 18:30ean hasita; ordu eta erdi-bi ordu inguruko saioa izango dela aurreikusi dute antolatzaileek. Saioan parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, eta horretarako, gipuzkoa@acpp.com helbide elektronikora idatzi behar dute izena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide