Azpeitiye Desegin zikloaren azken kontzertua egun bat aurreratu dute

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 25a, 08:40

Ukabil musika taldea. (Azpeitiko Gaztetxea)

Arroite eta Ukabil taldeek ekainaren 18an joko dute gaztetxean, eta ez 19an, hasieran iragarrita zegoenez.

Azpeitiko Gaztetxean ekainarekin iritsiko dira Azpeitiye Desegin zikloaren azken bi hitzorduak. Batetik, datorren hilaren 17rako, osteguna, musika eta politika gaitzat hartuta mahai ingurua iragarri dute. 18:00etan hasiko da saioa. Bestetik, zikloa ixteko, Arroite eta Ukabil taldeek kontzertuak emango dituzte gaztetxean. Herriko taldeak biak, Arroiteko kideentzat talde gisa jendaurrean joko duten lehendabiziko aldia izango da. Estreinaldia etxean egingo dute, beraz.

Hasiera batean ekainaren 19rako programatuta zeuden kontzertuak, baina egun bat aurreratu dituzte, hasierako data horretan "herrian izango den beste kontzertu bat ez oztopatzeko". Horrela, azkenean ekainaren 18an, ostiralarekin, joko dute Arroitek eta Ukabilek gaztetxean, Azpeitiye Desegin zikloa bukatzeko. Arroiteko kideentzat, gainera, egun oso berezia izango da, talde gisa jendaurrean jotzen duten lehen aldia izango baita. 19:00etan hasiko da musikaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide