Labaka eta Aizpuru III.a, erremonteko Sagardoaren Txapelketaren finalaurrekoetan

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 26a, 09:02

Jagoba Labaka, Sagardoaren Txapelketako neurketa batean. (Oriamendi)

Herenegun bukatu zen txapelketaren sailkapen fasea, eta azken partidan lortu zuten txartela Goikoetxeak eta Joxin Aizpuruk. Ansa III.a eta Jagoba Labaka, berriz, lehen fase horretan nagusi izan dira, partida guztiak irabazita. Elkarren kontra lehiatuko dira bi bikoteak finalaurrekoetan.

Jagoba Labaka eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a azpeitiarrek erremonteko Sagardoaren Txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta bietako batek finalean tokia izango du, elkarren kontra lehiatuko baitira finalaurrekoetan..

Herenegun bukatu zen aurten Erremontari telebista saioaren barruan jokatzen ari diren binakako txapelketa horren sailkapen fasea, eta zazpigarren eta azken jardunaldi horretan eskuratu zuten Goikoetxea V.ak eta Aizpuru III.ak (Gurutzeta sagardotegia ordezkatuz) finalaren atarikoak erabakitzeko libre zegoen azken txartela. Ansa III.ak eta Labakak (Setien sagardotegia), aldiz, ziurtatuta zuten tokia finalaurrekoetan. Herenegun, azpeitiarrak tartean diren bi bikoteak aurrez aurre aritu ziren Galarreta pilotalekuan, eta garaipena Ansarentzat eta Labarentzat izan bazen ere (30-22), Goikoetxeak eta Aizpuruk nahikoa zuten azken jardunaldi horretan 17 tanto egitea finalaurrekoetan sailkatzeko, eta galdu arren, helburu nagusia bete egin zuten.

Astelehenean bezala, finalaurrekoetan ere elkarren kontra neurtuko dituzte indarrak Ansa III.a-Labakak eta Goikoetxe V.a-Aizpuru III.ak. Sailkapen faseko ligaxkan sei bikote lehiatu dira, bikote bakoitzak bosna partida jokatu ditu, eta Ansak eta Labakak osatutakoa izan da neurketa guztiak irabazi dituen biko bakarra. Horrenbestez, sailkapenaren buruan bukatu dute lehen fasea, eta laugarren gelditu diren Goikoetxea eta Aizpuru izango dituzte aurkari finalaurrekoetan. Beste finalaurrekoa, berriz, Urrizak eta Zalduak Segurolaren eta Larrañagaren kontra jokatuko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide