Hogei lagun inguru elkartu dira Irungo migratzaileen inguruko solasaldian

Ihintza Elustondo 2021ko mai. 28a, 11:22

Elkar-ekinek antolatuta, Irungo Harrera Sareko Ion Arangurenek eta Mamadou Barry Azpeitian bizi den errefuxiatuak hitzaldia eman zuten atzo, osteguna, Basazabalen. "Tertulia polita" sortu zen.

Irungo migratzaileen egoera ezagutarazteko, Irungo Harrera Sareko kide batek eta Azpeitian bizi den errefuxiatu batek hitzaldia eman zuten atzo, osteguna, Basazabal jauregian. Elkar-ekinek antolatu zuen saioa, eta 18:30ean hasi zen. Irungo Harrera Sareko Ion Aranguren eta Mamadou Barry Azpeitian bizi den errefuxiatu ginearra aritu ziren hizlari, eta hogei bat lagun elkartu ziren saioan. Aranguren Irungo errealitateaz aritu zen hizketan, eta Gineatik abiatu eta Euskal Herrira iritsi arteko ibilbidea azaldu zuen Barryk. Elkar-ekineko kideek azaldu dutenez, "tertulia polita sortu zen".

Era berean, Irungo Harrera Sareak biharko deitu duen manifestaziora joateko autobusa antolatu du Elkar-ekinek; pertsona errefuxiatuen aurkako jazarpenarekin amaitzea aldarrikatuko dute mobilizazioan. Azpeititik Irunera joan-etorria egiteko autobusa 15:30ean aterako da anbulatorioaren aurretik, eta doakoa izango da. Autobuserako, baina, aurrez izena eman beharko da Elkargunera joanda, elkar_ekin@hotmail.com helbidera idatzita edo 644 961 606 telefono zenbakira deituta. Oraindik badago lekua autobusean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide