Jubilatuek eta pentsiodunek asteleheneroko elkarretaratzeei ekin diete

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 31a, 12:32

50 bat lagun bidu dira gaur eguerdian herriko plazan. (Aitziber Arzallus)

Aurrerantzean, astelehen eguerdiro 12:00etan elkartuko dira herriko plazan. Pentsiodunei ez ezik, gainontzeko herritarrei ere mobilizizazioetan parte hartzeko deia egin diete.

COVID-19ak behartutako hilabeteetako etenaldia bukatzea erabaki dute herriko pentsiodunek eta jubilatuek, eta berriz ekin diete asteleheneroko mobilizazioei. Gaur, astelehena, egin dute lehendabizikoa. Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformak egindako deiari erantzunez, 50 bat lagun bildu dira eguerdian herriko plazan, ohiko aldarrikapenak egiteko: "Pentsio publiko eta duinak, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsio sistema propioa". 

Minutuko isilunearekin hasi dute elkarretaratzea, azken hilabeteotan koronabirusagatik sufritzea tokatu zaienak gogoan. Jarraian plataformako kide Patxi Altzibarrek eta Arrosa Bordak hartu dute hitza. Haiek gogorarazi dute, duela hiru urte, kalera ateratzen hasi zirenean, jubilatu eta pentsiodunak iaz ikusezinak zirela gizartean; baina ekinaren eginez, lekua egitea ez ezik, lorpenak ere erdietsi dituztela; esate baterako, gaur egun dagoeneko inork ez duela zalntzan jartzen pentsioek KPI adinako igoera izan behar dutenik. Dena dela, oraindik badago zertan hobetua, eta bereziko nabarmendu dute oso adi daudela egunota Madrilen negoziatzen ari diren pentsioen erreformari.             

Aurrerantzean astelehenero 12:00etan elkartuko dira herriko plazan, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete jubilatuei eta pentsiodunei, eta baita gainontzeko herritarrei ere, pentsioena denei eragiten dien gaia delako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide