Ticket Bai sistemaren gaineko laugarren informazio saioa antolatu du Iraurgi Berritzenek ekainaren 7rako

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 31a, 15:45

Saio hori "bereziki kalean kokatzen diren establezimendu mota desberdinei" zuzendutakoa izango da. Soreasu antzokian egingo dute, 14:30etik 16:30era. Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako merkatari elkarteekin batera antolatu dute, eta hiru herrietako establezimenduetako arduradunek har dezakete parte. Hala ere, aforo mugatua izango du saioak eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea.

Ticket Bai sistemaren xehetasunak azaltzeko laugarren informazio saioa antolatu du Iraurgi Berritzenek. Ekainaren 7an izango da, eta oraingo honetan Azpeitiko Bertan, Azkoitiko Herrixen eta Zestoako merkatarien elkartearekin elkarlanean prestatu du saioa eskualdeko garapen agentziak.

Izan ere, "bereziki kalean kokatzen diren establezimendu mota desberdinei" zuzendutako informazio saioa izango da gaur zortzikoa, eta aipatutako hiru herrietako establezimenduen arduradunek har dezakete parte. Soreasu antzokian egingo dute, 14:30etik 16:30era, Gipuzkoako Bazkundearen eskutik. Gaztelaniaz emango dute saioa, eta aforoa mugatua izango denez, parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, Interneten formulario hau beteta edo 688 823 944 telefono zenbakira deituta (Xabier Aldalur). Aforoa osatutakoan itxiko dute izen-ematea.

Ticket Bai foru ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean sorturiko sistema da, eta helburua lege zein teknika arloko betebehar batzuk ezartzea da. Ticket Bai martxan jartzen denetik aurrera jarduera ekonomikoa duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek baldintza tekniko batzuk betetzen dituen fakturazio software bat erabili beharko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide