Ibilgailu elektrikoen eta mugikortasun jasangarrirako aukeren inguruko 'online' ikastaroa izango da hilaren 9an

Anartz Izagirre 2021ko eka. 2a, 08:45

Tailerraren helburua herritarrak mugikortasun jasangarriaren inguruan dauden aukerez informatzea da, eta mugikortasun beharrak ere izango dituzte hizpide saioan. Parte harte nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena.

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak mugikortasun jasangarriaren inguruko online ikastaroa antolatu dute hilaren 9rako. Energia Argitu programaren barruan eskainiko dute saioa, 18:00etan hasiko da, eta ikastaroaren helburua herritarrak ibilgailu elektrikoen eta mugikortasun jasangarrirako aukeren inguruan informatzea da.

Zehazki, egun merkatuan dauden ibilgailu elektrikoen ezaugarriak, kontsumoa, salneurria, kargatzeko eskakizunak eta bestelako hainbat xehetasun argituko dituzte ikastaroan, eta mugikortasun jasangarrirako bestelako aukera batzuen inguruan ere hitz egingo dute; esaterako, ibilgailu hibridoez eta bizikleta nahiz patinete elektrikoez arituko dira hizketan. Era berean, mugikortasun beharrei buruz ere hausnartuko dute saioan, eta motorrik gabeko mugikortasun aukerak aztertuko dituzte.

Ikastaroan parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik saiorako sarbidea ematea. Bi modu egongo dira izena emateko: argitu@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat bidalita eta 943-16 41 72 nahiz 605 75 76 87 telefonoetara deituta. Honako lotura honetan topa daiteke tailerraren inguruko informazio guztia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide