Mugikortasun Plana berritzen ari da Azpeitiko Udala. Plan horren bidez, etorkizuneko mugikortasun politikak planifikatzea da erakundearen helburua. Horregatik, herritarren iritzia eta ekarpenak jasotzeko baliabideak jarri ditu udalak. Alde batetik, herriko hainbat eragiletako pertsonengana joko du; eta, bestetik, norbanakoek beren ekarpena egiteko aukera dute.
Udalak hasiera batean jakinarazi zuen bihar –ekainak 2– arte izango zutela herritarrek inkesta betetzeko aukera. Dena den, ostiralera arte luzatu dute epea. Udalak herritarrak animatu nahi ditu beren ekarpena egitera, "mugikortasun plan hobea osatu eta denontzako Azpeitia egiten jarraitzeko". Mugikortasun Planaren bidez, "Azpeitian bizi direnen nahiz bertan lan egin edo aktibitatea garatzen dutenen bizi kalitate hobea bermatu" nahi ditu udalak.