Sarralle enpresak eta Deustuko Unibertsitateak Sarralle-Deustu Ikasgela Teknologikoa jarriko dute martxan datorren ikasturtean. Deustuko unibertsitatean gune fisiko bat kokatuko dute ikasleen talentua erakartzeko eta enpresaren nahiz unibertsitatearen interesekoak diren esparru zientifikoetan eta teknologikoetan lan egiteko.
Zehazki, Deustuko Unibertsitatean ingeniaritza, zuzenbide edo finantzak graduetako azken urteetako edo masterretako sei ikasle aukeratuko dituzte urtero, horiek beren ikasketekin eta prestakuntza ibilbidearekin bat datozen erronka teknologikoetan lan egin dezaten. Ikasleen ikasketa ibilbidearekin bat datozen konpainiaren erronka teknologikoak identifikatuko ditu Sarrallek, eta ikasleek enpresan gauzatuko dituzte horiek. Izan ere, hamar hilabeteko praktikaldiak egin ahal izango dituzte ikasleek Azpeitiko lantegian.
Hiru urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute bi aldeek; zehazki, Sarralleko Giza Baliabideetako zuzendari Marta Garciak eta unibertsitatearen izenean eta errektorea ordezkatuz Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekano Asier Perallosek sinatu dute akordioa. Horiek azaldu dutenez, Ikasgela Teknologikoa martxan jartzea ez ezik, askotariko ekintzak aurreikusten ditu hitzarmenak, hala nola irakasleen prestakuntza arautuaren eta etengabeko prestakuntzaren esparruetako jardueren garapena, elkarren onurarako ekipamenduak edo instalazioak lagatzea edota unibertsitateko instalazioetan hitzaldiak edo mintegiak antolatzea.