Uztailarekin batera iritsiko da Azpeitia Dantzan egitasmoa herrira. Aurtengoan hiru emanaldi eskainiko dituzte herriko dantza taldeetako kideek; izan ere, bi asteburutan segidan, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolako kideak, Sahatsa dantza taldekoak nahiz Itsasi dantza taldekoak izango dira Soreasu antzokiko agertokian.
Lehen emanaldia Dantzakiko kideek eskainiko dute uztailaren 4an, igandez, eta bi saio eskainiko dituzte: 17:00etan eta 19:00etan. Emanaldirako sarrerarik ez da ordaindu beharko, baina aforo kontuak tarteko, gonbidapena eskatu behar da Kulturaz.eus webgunean.
Bigarren emanaldia uztailaren 10ean, larunbata, izango da: Sahatsako kideek Matalaz izeneko ikuskizuna eskainiko dute 19:00etan hasita, Soreasu antzokian –honako lotura honetan eskura daitezke gonbidapenak–.
Hurrengo egunean, igandez, Itsasiko dantzarien txanda izango da. Garenetik... izeneko emanaldia eskainiko dute horiek 19:00etan hasita, Soreasu antzokian –honako lotura honetan eskura daitezke saiorako gonbidapenak–.